XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Korrika izena baino gehiago da

Jakina, Korrika euskararen aldeko mugimendu handiena da, kilometroak egiteaz gain, Korrikaren bidez euskara altxatzen da; gainera Euskal Herri osoan zehar mugitzen da, eta hori ere garrantzitsua da, horrela Euskal Herria bat dela esaten dugu eta.

Baina ez dugu horri buruz hitz egingo.

Beste gauza bat ere badago Korrikaren atzean guk ikusten ez duguna; gauza hori lana da, jende asko eta lan piloa.

Guk normalean bakarrik emaitza ikusten dugu, hau da, Korrika gure herritik pasatzean, eta bukaera.

Eta ez gara konturatzen hortxe atzean dagoen guztiaz.

Adibidez: gure herritik pasatzen bada, eta goizaldeko 3etan gainera, zergatik gure herritik eta goizaldeko 3etan, eta ez ondoko herritik eta eguerdiko 12etan adibidez? Hortxe atzean lana dago; lehenengo, aurreko Korrikak ikusita, eta kontutan izanda herri handietan eta hiriburuetan egun argiz pasatu behar dela, errekorridoa egiten da.

Baina kontutan izan behar da ere zenbat denbora ematen den kilometro bat egiten, bai herri txikietan eta bai herri handietan (denbora ezberdina egiten da eta).

Eta gehiago: hainbat eta hainbat txartel ikusten ditugunean, nondik demontre etorri dira, eta nork demontre pegatu ditu?

Hor ere ikusi behar da nolako lema nahi den, nolako txartela nahi den eta zenbat diru dagoen gastatzeko.

Eta dirua, hori beste bat da.

Dirua lortzeko herri guztietan dendaz denda ibili behar da diru apurtxo bat lortzeko, eta berdin-berdin entrepresekin.

Eta Korrika martxan dagoenean, eta martxan hasi baino lehen ere, nork demontre idazten ditu artikuluak? hortxe atzean badago jende multzo bat horretarako, eta lan hori betetzen dutenak.

Eta alde batera utzi ditugu batzarrak; AEK ohitura den bezala, batzarrak alde guztietan eta momentu guztietan: lehenengo Korrika noiz izango den jakiteko, gero non hasi eta non bukatu, nolako Korrika egin nahi den, nondik pasatuko den, zenbat balio izango duen korrikako materialeak... gehiegi.

Prozesua hasten den egunetik Korrikara beharbada 4 hilabete pasatu dira, eta 4 hilabete eta gero, dena 12 egunetan bukatzen da.

30 pertsona jo ta sua horretan lanean (hainbat eta hainbat ikasle eta irakasle kontatu gabe).

Ikusten duzuenez, Korrika izena baino gehiago da, atzean dagoen jende guztiak ere esango du hori.

Kontutan hartu hori Korrika honetan parte hartzen duzuenean.